Nokari buruzko ikastaroa Emakume Txokoan

Home/Tailerra/Nokari buruzko ikastaroa Emakume Txokoan
Loading Events
This event has passed.

Emakume Txokoak “Arrasateko emakumeak eta hitanoa: teoriatik praktikara” ikastaroa antolatu du, hitanoarekiko sentsibilitatea piztu, ikuspuntu feminista batetik hausnarketa egin eta praktikarako oinarrizko baliabideak eskaintzeko.

Alde batetik, hitanoak eta bereziki nokak izan duen bilakaera eta egun bizi duen egoera ulertzen lagun dezaketen teorien berri emango da. Baita hitanoaren bueltan egin diren ikerketek erakutsi dutenaren berri ere. Hor jasotako informazioarekin, gaiaren bueltan hausnartzera eta
eztabaidatzera bultzatuko dira parte-hartzaileak. Bereziki ikuspuntu feministatik egindako hausnarketa da sortu nahi dena. Oraindik hitanoarekiko diskurtsoak guztiz eraiki gabe badaude ere, azken urteetan hizketa gai dira hitanoak dakartzan kontraesanak. Batetik, euskara aberasten duen ezaugarri bat izaki, martxan dira hitanoa berreskuratu edo biziberritzeko egitasmoak; gainera, feminismoetatik babesa eman zaio emakumezkoak ikusarazteko eta ahalduntzeko izan dezakeen potentzialtasunari.

Bestetik, hizkuntzaren erabilera ez-sexista egin nahi dugu baina hitanoak berea du generoaren banaketa binarioa. Kontraesanak diruditen horiek uztartzeko modurik ba ote da? Kontu horien gainean hausnartu eta eztabaidatzera gonbidatuko dira parte-hartzaileak. Beste aldetik, hitanoa praktikatzen hasteko aukera emango zaie bertaratzen direnei. Horretarako, lehenik, noka egiteko ereduak ikusiko/entzungo dira, oraindik lagunarteko tratamendua galdu ez duten herritarren eskutik. Ondoren, noka hitz egiten hasteko aukera eskainiko da.

Hiru saio izango dira denera, urriaren 7,14,21 egunetan, 18:00etatik 20:00etara. FORMATZAILEA: GARBIÑE BEREZIARTUA ETXEBERRIA
ORDUTEGIA: 18:00-20:00.

Informazioa sakontzeko edo izena emateko, Emakume Txokora jo. [email protected]