Ekin Emakumeak eta AED elkarteok “Euskara eta disidentzia” zikloa antolatu dugu azarorako. Mahainguru ireki batek eta elkarrizketa batek osatuko dute.

Lehenengoa azaroaren 13an izango da, Garazi Beramendi Hiruki Larroxako kideak gidatuta, eta Arrasateko Morbor eta Aretxabaletako Lohixak talde transfeministak izango ditugu gonbidatu. Sexu eta genero disidentzia euskaratik egiteko hautu politikoa egin dute bi kolektiboek, eta erabaki horren arrazoi, zailtasun eta aukeren inguruko gogoeta partekatuko dugu eurekin, “Eta Debagoienetik, zer?” mahainguruan.

Bigarren saioan EHUko bi ikerlari izango ditugu gonbidatu: Marta Luxan eta Jone Miren Hernandez. “Euskara, generoa, eta feminismoa, begirada kritiko bat hiztunaren eraikuntzan” izenburupean, euskararen erabileraren ustezko feminizazioaz egin duten irakurketa kritikoaren berri emango digute bi ikerlariek. Emakumezkoek euskara gizonezkoek baino gehiago erabiltzen duten ustetik abiatuta, genero rolek, XX. mendetik gaur egun arte, euskal hiztunaren eraikuntzan izan duten eragina aztertu dute, eta gaiaz atera dituzten ondorioak azalduko dizkigute Maria Osesek gidatutako solasaldian. Bi saioak Kulturateko Jokin Zaitegi gelan izango dira, 18:30ean hasita. Hizlariak euskaraz ariko direnez, xuxurlari bidez bermatuko dugu edonork ulertu ahal izatea.