Sekulako plazera ari da izaten Gotzon Barandiaran eta Rafa Rueda bikotearen Hitzen ahairea: zeri kantatzen diogu euskaldunok? tailer musikatua. Azaroaren 28an egin genuen lehenengo saioa eta abenduaren 12an emango diogu jarraipena.

Euskal Herriko poeta eta kantarien arteko harremanetik sortutako kantagintza aztertzea du helburu tailerrak,  zenbait abeslari eta musika taldek kantatutako abestiak baliatuz.  Izan ere, euskal idazleen eta musikarien arteko hartu-emana estua izan da historian zehar, eta erlazio horretatik sortutako kantuek eraiki dute, hein handi batean, euskaldunon imajinario kolektiboa.

Hala, euskal kantagintzaren bilakaera ezagutzeaz batera, kantagintzaren funtzio sozialaz, euskaldunon imajinarioa eraikitzerakoan (izan) duen eraginaz, transmisioaren garrantziaz… jabetzeko eta gogoeta egiteko parada ere hartzen dugu. Rafa Ruedaren gitarra eta ahotsa lagun, zuzenean entzuten ditugu kantu horietako asko, Gotzon Barandiaranen kontaketa borobilduz.