Badator, badator, badator, bai, Eskaraldia. Bihar, esnatzerako, txipa aldatu, txapa jantzi eta gure hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketari ekingo diogu lorpen berrien bila. 15 egun iraungo du Euskaraldiak, baina dezente gehiago izan ditu honaino ekarri gaituen bideak.
Herri batzordea, entitateak aktibatzeko batzordea, eta, lehendabizikoz, Gazte batzordea osatu ditugu, ariketa aurrera ateratzeko. Dozenaka militante, gazte eta ez hain gazte, han eta hemen, lanean fin, Euskaraldiaren berri ematen, entitateen ateak jotzen, kartelak jartzen, mahaietan txapak banatzen, inguruko lagun, lankide, senideak parte hartzeko animatzen… Bejondeizuela!
Bidea luzea izan da, tarteka aldapatsua, tarteka gozagarria, denetarik baitauka lan militanteak. Baina, bagenekien ahaleginak merezi zuela, helburuak merezi zuela eta iritsi gara, ondo iritsi ere. 3000 inguru norbanako izango gara, hirugarren aldiz, Euskal Herri mailako ariketa kolektibo linguistiko eraldatzaileenean parte hartuko dugun arrasatearrak. Batzuk, Ahobizi. Lehen hitza beti euskaraz egiteko eta, ahal dugunekin, 15 egunez eusteko prest. Besteok, Belarriprest, euskaraz dakienari erabiltzeko gonbita egingo diogu, eta, egoeraren arabera, hitz egin ere bai. Entitateak izango ditugu konplize. 186 erakunde, denetarikoak, lantegiak, kirol elkarteak, kultur taldeak, tabernak, komertzioak, dentistak, aholkularitzak… Probestu dezagun euskaraz eroso aritzeko eskainiko diguten aukera.
Antolaketan aritu garenon euskalgintzako eragileon izenean, zorionak eta animoak asko guzti-guztioi. Orain, bai, badator eta Euskaraldia, badator eta, Hitzez ekiteko garaia. Jantzi txapa eta gora bihotzak!