Hamaika aurpegi ditu euskarazko kulturgintzak eta hamaika dira, formaz zein edukiz, AEDk euskal kulturaz gozatzeko ematen dituen aukerak ere. Hitzaldiak, emanaldiak, irteerak, ikastaroak… Batzuetan arimari eta gorputzari plazera emateko asmo sano hutsarekin, beste batzuetan buruko jakintza ere aberasteko intentzioarekin.

Ekintza nagusiak

Arrasate literatur lehiaketak

Gaztetxoen irakurzaletasuna eta sormena bultzatzeko deitzen ditugu urtero lehiaketa hauek, 1988an lehenengo edizioa egin genuenetik. Hamaika generotan trebatzekoa ukera eskaini diete harrezkero herriko zein bailarako gazteenei.

Jokin Zaitegi itzulpen sariketa

Arrasaten jaiotako kulturgile handiaren izena darama euskarazko itzulpengintza bultzatzeko asmoarekin 1988tik antolatzen dugun sariketak. Gaur egun, beka formatuan, eta Elkar argitaletxearekin elkarlanean, Literatura Nobel saridunen lanak euskarara ekartzeko helburua du.

Bertso saioak

Euskal kulturaren adierazpen berezienetako bat da izanik, berezko helburua izan da AEDrentzat bertsolaritza bultzatzea. Arrasateko lehenengo bertso eskola ere AED barruan sortu zen, Patxi Goikolearen laguntzarekin. Gaur egun, San Joan eta Santamas jaien bueltan antolatzen diren bi jaialdiak antolatzeaz arduratzen gara.

Dragoi jana

San Joan Jaietan eta Debagoieneko AEKrekin batera antolatzen dugun herri-afaria da. Euskaltzaleak jai giro euskaltzalean batzeko aitzakia goxoa! Eta afariaren leloak dioenez, “dragoia jan eta gero, euskaraz jo ta fuego!”

Euskarazko ikus-entzunezkoen sustapena

Euskaraz egindako zinema eta, oro har, ikusentzunezkoak herriratzeko lanean dihardugu, tartean, Laburbira, euskarazko zinemagintza dosi txikietan dastatzeko parada ematen digun Euskaltzaleen Topagunearen film laburren zirkuitua, AEDren bitartez Arrasatera urtero iristen dena. Zinemazaleak garenontzat galdu ezinezko hitzordua!

Ekitaldiak eta irteerak

Urtetan mantendu ditugun kultur lan ildoen osagarri, denetariko ikuskizunak zein irteerak ere antolatzen ditugu.