Igandean bukatu zen 34. Arrasate literatur lehiaketetara lanak aurkezteko epea eta erantzun polita izan dute, batez ere gaztetxoenen aldetik.  Bertso-paper, narrazio eta ilustrazio atalak izan dituzte aukeran LH5 mailatik DBH2 mailara bitartean dabiltzanek eta 121 lan jaso ditugu. DBH3tik Batxilergora bitartean daudenek, berriz, poesia, komikia eta mikroipuinak landu dituzte, parte hartzea xumeagoa izan delarik, 38 lanekin.

Orain, epaimahaien esku geratuko dira lan guztiak eta maiatzaren 27an, Kulturateko areto nagusian egingo dugun ekitaldian, jakingo ditugu irabazleen izenak. Urtero legez, sari-banaketa egunean gonbidatu berezi bat izango dugu gurekin eta aurtengoa ezin bereziagoa izango da, gainera, Arrasate literatur lehiaketetan makinatxo bat sari bereganatutakoa baita OIhana Arana Cardenal eskoriatzarra.

Osasun-neurriak tarteko, ekitaldira ezingo da nahibeste jende hurbildu, baina, streaming bidez eskainiko dugu AEDren youtube kanalean eta Goiena telebistan ere ikusi ahalko da hurrengo egunetan.