Ttak! taldea
Euskaraz eta euskaratik bizi nahi duten neska-mutil gazteek osatzen dute Ttak! taldea. Beraz, 15 urte beteak badituzu eta herrigintzan aritzeko gogoa bor-borka badaukazu, Ttak! taldean ongi etorria izango zara.
Urtean zehar hamaika ekintza egiten dituzte Ttak! taldekoek. Batzuk momentuko beharren baitan sortzen ditugu, baina badira urterik urte errepikatzen direnak, mitikoak.
Ekintza nagusiak
Ttak! Eguna
Elkarteko gazteen egun handia da, herriko gazte euskaltzaleak batzeko jaia. Goizetik hasten dira, formazio saioekin, eta bazkariarekin ematen diote jarraipena ordu txikitan bukatu ohi den egunari.
Sortzaileekin solasean
Gazteentzat erreferente diren euskal artistak gonbidatzen ditugu, elkarrizketa giro atseginean herriko gazteei euskaratik sortzearen inguruan hitz egitera. Arrasateko Gaztetxearen laguntzarekin, Arrasateko Institutuko eta Arizmendi ikastolako 200 bat ikasle elkartzen ditugu urtero.
Gazte euskaltzaleen topaketa
Ttak! taldeko kideak formatzeko eta euren arteko harremanak estutzeko asteburua izaten da. Mintegi halako bat, non elikadurak eta gozamenak bat egiten duten, Euskal Herriko parajeren batean.
Txosnetan eragile
Jai herrikoien eredu behinena dira txosnak, eta AEDko gazteek urteak daramatzate San Joan eta Maritxu Kajoi jaietan, txosnagunea eskaintzeko lanean, herriko beste eragile batzuekin batera. Zurruterako espaziotik harago, aldarrikapenerako, parte hartzerako eta herri mugimenduen finantzaziorako ekimena dira.
Gaba Baltza
Arimen gaua, Gaba Baltza… ez zuten EEBBek asmatu! Euskaldunoi aspalditik datorkigun ohitura da, eta, proposamena globalizatzaile arrotzen aurrean, geure usadioa ezagutzera eman, berreskuratu zein eguneratzeko lanean dihardu Ttak! taldeak, herriko beste eragile batzuekin elkarlanean.