Gazte barik ez dago etorkizunik, ez herrian, ez hizkuntzan, ez elkartean.
Guretzat berebiziko garrantzia du gazteekin eta gazteentzat aritzeak.

Ttak! taldea

Euskaraz eta euskaratik bizi nahi duten neska-mutil gazteek osatzen dute Ttak! taldea. Beraz, 15 urte beteak badituzu eta herrigintzan aritzeko gogoa bor-borka badaukazu, Ttak! taldean ongi etorria izango zara.

Urtean zehar hamaika ekintza egiten ditugu. Asko inprobisazioz eta momentuko beharren baitan sortzen ditugu, baina badira urtero-urtero errepikatzen direnak, mitikoak.

Ohiko ekintzak

Motibazio saioak

Gazteentzat erreferente diren euskal artistak gonbidatzen ditugu, elkarrizketa giro atseginean herriko gazteei euskaratik sortzearen inguruan hitz egitera. Arrasateko Gaztetxearen laguntzarekin, Arrasateko Institutua eta Arizmendi Ikastolako kikasleei zuzenduta antolatzen dugu saioa, urtean behin.

Ausortu sormen laborategiak

Musika egiten duzu? Antzerkia, agian? Graffitiak, bestela? Ikasi nahi? Ausortu da, orduan, zure espazioa! Txatxilipurdirekin batera antolatzen dugun sormen laborategia da.

Motxila nomadak

Udaleku ibiltariak dira. 2019an jarri genuen martxan, Txatxilipurdi elkartearekin elkarlanean, Batxilergo adinean dauden gazteentzako aisialdi eskaintzan dagoen hutsunea bete nahian. Autogestioan oinarrituta, uda gozatzeko udaleku berritzailea.

Gaba Baltza

Arimen gaua, Gaba Baltza… ez zuten EEBBek asmatu! Euskaldunoi aspalditik datorkigun ohitura da eta Ttak!-ek berreskuratzeko lanean dihardu, Txatxilipurdi, Ekin, Gaztetxea eta herriko beste eragile batzuekin batera.

Ttak Eguna

Elkarteko gazteen egun handia da, herriko gazte euskaltzaleak batzeko jaia.

Txosnak

Jai herrikoien eredu behinena dira txosnak eta urteak daramatzagu San Joan eta Maritxu Kajoi Jaietan txosna gunea eskaintzeko lanean beste eragile batzuekin lankidetzan. Zurruterako espaziotik harago, aldarrikapenerako, parte hartzerako eta herri mugimenduen finantziaziorako ekimena dira.

Jarrai gaitzazu sare sozialen bitartez!