Euskal kultura eta euskarazko kultur sormena bultzatzea AEDren helburu izan da betidanik. Horra hor azkeneko urteotan garatzen dugun kultur eskaintza:
Arrasate literatur lehiaketak
Gaztetxoen irakurzaletasuna eta sormena bultzatzeko deitzen ditugu urtero lehiaketa hauek, 1988an lehenengo edizioa egin genuenetik. Hamaika generotan trebatzekoa ukera eskaini diete harrezkero herriko zein bailarako gazteenei.
Jokin Zaitegi itzulpen sariketa
Arrasaten jaiotako kulturgile handiaren izena darama euskarazko itzulpengintza bultzatzeko asmoarekin 1988tik antolatzen dugun sariketak. Gaur egun, beka formatuan, eta Elkar argitaletxearekin elkarlanean, Literatura Nobel saridunen lanak euskarara ekartzeko helburua du.
Bertso saioak
Euskal kulturaren adierazpen berezienetako bat da izanik, berezko helburua izan da AEDrentzat bertsolaritza bultzatzea. Arrasateko lehenengo bertso eskola ere AED barruan sortu zen, Patxi Goikolearen laguntzarekin. Gaur egun, San Joan eta Santamas jaien bueltan antolatzen diren bi jaialdiak antolatzeaz arduratzen gara.
Dragoi jana
San Joan Jaietan eta Debagoieneko AEKrekin batera antolatzen dugun herri-afaria da. Euskaltzaleak jai giro euskaltzalean batzeko aitzakia goxoa!
Laburbira
Euskarazko zinemagintza dosi txikietan dastatzeko parada ematen digu Euskaltzaleen Topagunearen Laburbira, film laburren zirkuituak eta AEDren bitartez Arrasatera iristen da urterik urte. Zinemazaleak garenontzat galdu ezinezko hitzordua!
Goikobaluko Gazteluaren Jaia
Herritik, herriarekin eta herriarentzat egiten den jaia da. Santa Barbarako gainean ospatzen zen erromeriaren espiritua berreskuratzeko gogoz sortutakoa. Zuztarrak Errotuz taldearen ekimenez sortu zen, baina azkeneko urteetan herriko zenbait kultur taldek hartu diogu antolaketaren lekukoa, tartean AEDk.