Datorren asteazkenean, martxoak 7, Annie Ernaux Literatura Nobel saridunaren Emakume izoztua aurkeztuko dugu Arrasaten, Emakume Txokoak eta Arrasateko mugimendu feministak M8ko egunari begira antolatutako egitarauaren barruan.

Gema Lopez Las Heras itzultzaileak eskuratu zuen pasa den urtean AED elkarteak eta Elkar argitaletxeak, Arrasateko Udalaren eta Laboral Kutxaren babesarekin, antolatutako Jokin Zaitegi itzulpen sariketaren beka.

Annie Ernaux Literatura Nobel saridunaren La femme gelée eleberria euskaratzea zen bekaren helburua, eta abenduan aurkeztu genuen prentsaurrean  itzultzaile azkoitiarrak gauzatu eta Elkar argitaletxeak, Emakume izoztua izenburupean, kaleratutako lana.

Ernauxen eleberria eta, oro har, idazle frantziarraren literatura hobeto ezagutzeko parada Arrasaten izango dugu orain, martxoaren 7an, AED, Emakume txokoa eta Udal bibliotekak elkarlanean antolatutako ekitaldian.

Bertan izango dugu Gema Lopez Las Heras itzultzailea, Ernaux idazlearen, haren literaturaren eta, zehazki, Emakume izoztuaren inguruan hitz egiteko. Itzultzailearen azalpenak eleberriaren pasarte batzuk irakurriz osatuko ditugu Emakume Txokoko irakurketa feministen guneko kideen laguntzarekin. Liburuaren zein Ernauxek bere literaturan jorratutako gaien inguruan berbetako tartea ere hartuko dugu. Ekitaldi irekia izango da.