Jokin Zaitegi sariketaren azkeneko uzta kalean da dagoeneko. Pasa den urtean Maialen Berasategik eta Joxe Mari Berasategik eskuratu zuten AEDk eta Elkar argitaletxeak, Arrasateko Udalaren eta Laboral Kutxaren babesarekin, emandako beka eta ostiralean aurkeztu genuen Donostian haien itzulpen lana:  Abdulrazak Gurnah idazle tanzaniarraren ‘Paradisua’.

Yusuf da Paradisuaren protagonista, Gurnahi nazioarte mailan ospe handiena eman dion eleberriarena. Aitak merkatari aberats baten esku uzten du Yusuf, berarekin daukan zor bat kitatzeko, eta hor hasten da gaztetxoarentzat Afrikako hainbat bazter ezagutzera zein haurtzarotik heldutasunera eramango duen bidaia.

Kolonialismoaren osteko literaturaren ikurretako bat da Gurnah, oso gazte zela bere sorterriko matxinada batetik ihesi Erresuma Batura jo zuena. Kenteko unibertsitatean doktoratu zen eta hango irakasle izan da erretiroa hartu artean.

Jokin Zaitegi bekari esker itzulitako 18. obra da Paradisua eta 19.a ontzeko deialdia martxan dago dagoeneko. Annie Ernaux aurtengo Nobel saridunaren ‘La femme gelé’ (‘Emakume izoztua’) euskaratzea izango da helburua eta urtarrilaren 6ra arte aurkez daitezke hautagaitzak. Horratx oinarriak.